AURKEZPENA

2016(e)ko urriaren 5(a), asteazkena

ETAPA 3: AURKIKUNTZAK AURKEZTU

Txikitatik izan nuen buruan irakasle izateko ideia, izan ere, familian gehienak hezkuntzaren arloan sartuak daude eta azkenean, etxean ikusten duzunaz ikasten dugu gehienbat. Beraz, bigarren hezkuntza hasi bezain laster nire ibilbidea irakasle izateko prestatu nuen, hau da, letretako adarra hartu nuen.
                                           
Hala ere, unibertsitateko bigarren mailan nago jada eta ez dut nik nahi nuen ezer ikasi. Eta badirudi, dakidan gehiena eskolaz at ikasi dudala. Hori, hain zuzen ere, zen kartografia honen muina: ikustea eta hausnartzea nondik ikasi dudan irakasle izateko.

       Hausnartzen hasi nintzen eta etorri zitzaidan lehenengo irudia nire gurasoena izan zen, haiek izan baitira txikitatik nire ondoan egon direnak eta haiei esker naiz orain naizena. Balio gehienak bertan ikasten dira, familian, alegia.

        Ondoren, lagunez oroitu nintzen eta pixkanaka nire haurtzaro guztiaz: kirolaz, musikaz, marrazketaz, bidaiez Beraz, aipaturiko gaiez argazkiak, txanponak, kantak eta treneko tiketak azaltzen dira nire kartografian.

Hauek guztiak kartulina txikiz egindako album batean sartu ditut. Album batean dena batzea ideia ona iruditu zitzaidan, txikitatik gaur egun arte argazkiak albumetan sartuta baititut, bai album fisikoetan, baita interneteko karpetatan. Sentimenduz josirik daude niretzat eta oso adierazgarriak dira gure familian.

Albumaren barruan jorratu ditudan gaiak kuantitatiboki sailkatu ditut, hau da, niretzat garrantzitsuak diren arloak eta balio gehien ikasi ditudanetan hasierako orrietan ipini ditut, eta balio gutxien ikasi ditudanekin azken orrietan. Kartulinen koloreekin ere pixkat jolastu ditu, izan ere, kolore biziagoa zutenak aurrean jarri ditut eta pixkanaka leuntzen joaten dira garrantzia gutxiago emanez bezala. Portada, aldiz, kolore argi batean dago hasiera delako, eta hasieretan dena hutsik egon ohi da, dena zuri.

Lehenengo orrian, kolore gorriz familiaren argazkiak jarri ditut; lehenengo orrialdean gurasoak eta nire anaia, gertuenak direlako ea bigarren orrialdean aitona-amonak, izeba eta lehengusina. Balio asko eta asko ikasi ditut arlo honetan baina esanguratsuenak bakarrik jarri ditut, tokia dela-eta: umiltasuna, errespetua, zuhurtasuna, obedientzia, erantzukizuna eta iraunkortasuna.

                                     Familia

                                     Familia

Bigarren orrian, kolore morez lagunak eta Donostia; hirugarren orrialdean lagunak jarri ditut txikitatik ezagutzen ditudalako eta elkar hazi garelako. Haiekin eskuzabaltasuna, tolerantzia eta adiskidetasunaren balioak zer diren ikasi ditut, benetako lagunak laguntzeko daudelako eta askotan gure artean familia txikia osatzen dugulako. Gainera, autokontrolaren balioa ere jarri dut, izan ere, parrandan ateratzen garenean kontrolatu behar gara eta hainbat istorio eta iskanbiletatik laguntzeaz gain, autokontrolatzen ere ikasi dugulako.

                                     Lagunak

Bestalde, beste orrialdean Donostiarena dago. Aurreko urtean unibertsitatean hasi nintzenean lagun batekin hartu nuen pisu bat eta konturatzen gara gurasoak jada ez daudela janaria egiteko, arropa garbitzeko edota mimatzeko. Horrela, autonomia, independentzia, bizikidetza eta askatasuna zer den ikasi dut. Hasieran, zaila egiten da maite duzun guztia alde batera utzi behar delako, zazpi egunetik bostetan, baina heldutasun maila bat hartzeko oso ondo etortzen da.
                                             
                      Donostia

       Hirugarren orrian, kolore berde biziaz, kirola eta gaixotasunak ipini ditut. Oso txikitatik hasi nintzen kirola egiten, hasieran, igeriketa, ondoren, atletismoa, eta bukatzeko, saskibaloia. Unibertsitatean hasi nintzenean saskibaloi taldea utzi behar izan nuen eta orain ahal dudanetan igeri egitera joaten naiz. Kirol oso ezberdinak dira, izan ere lehenengo biak indibidualki egiten dira eta bertan, esfortzua ezinbestekoa da, astero entrenatzea eta ikustea hobetzen duzula.  Saskibaloia, aldiz, taldekako kirola da eta bertan elkarlana eta besteenganako enpatia izan behar da taldea aurrera joan dezan.

                                     Kirola

Gaixotasunei dagokionez, zoritxarrez, batzuengatik ikastea tokatu zait, bai ebakuntzetatik, baita minbiziengatik ere. Ebakuntzen kasuan pazientzia izaten ikasi dut, izan ere, ez da erraza ospitalean egunak eta egunak igarotzea eta hobe da lasai egotea eta ez urduri. Minbizien kasuan, esperantza izan behar da galtzen azkena eta memento askotan leku guztietatik indarra atera beharra dago.

                                     Gaixotasunak

Laugarren orrian, kolore arrosaz, bidaiak eta mundu artistikoa ipini dut. Bidaiei dagokionez, zorte handia izan dut lurralde ezberdin asko ezagutu ditudalako eta horiekin batera, kultura eta bertako jendearen bizimoduak. Gainera, hizkuntzak ikasteko ez dago modu hoberik bertakoekin hitz egitea baino, eta bakarrik bidaiatzen dugunean heldutasun puntu bat ere lortzen dugu.

                                     Bidaiak

Mundu artistikoari dagokionez, txikitatik marrazketa eta ehoziria egin dut eta gaur egun ere ehoziriak egiten ditut. Horrek guztiak zehaztasuna eta sormena izaten lagundu dit, izan ere, okertuz gero bistan geratzen da eta azkenean, perfekzioa edukitzea ezinbestekoa da marrazkia edota parpailak egiterako orduan.

                                     Mundu artistikoa

Bosgarren orrian, kolore urdin argiz, musika eta komunikabide gaiak jarri ditut. Alde batetik, musikari dagokionez, bederatzi urtetatik pianoa jotzen dut eta askotan, deskonektatzeko modurik eraginkorrena da niretzat. Ez pianoarekin bakarrik, baita abestiak entzuten ere. Gainera, inspiratzeko ondo etortzen da, marrazten den bitartean, adibidez, entzuten duzun musikak eragina baitu. Idatziz, “Human” abestiaren zati bat jarri dut identifikatuta ikusten naizelako letrarekin; azken finean, guztiok gizakiak gara eta perfektuak nahi izan arren, askotan huts egiten dugu eta gure ondoan dagoena garen bezala maite beharko gaitu.

                                     Musika

Komunikabideak geroz eta sartuagoak daude gure eguneroko bizitzetan: telebista, internet, irratia… Horiei esker informazioa “hemen eta orain” izan dezakegu. Gainera, eduki eta jakintza asko horien bidez ikas ditzakegu, bai interesagatik, baita online ikasketengatik ere. Hala ere, denbora pasatzeko eta besteekin komunikatzeko ere balio dute.

                                     Komunikabideak

Azken orrian, seigarrenean, kolore berde argiz eskola eta jendeaurrea jarri dut. Bi gai hauek balio edota jarrera gutxien irakatsi didatenak izan dira. Nahiz eta hiru urtetatik eskolan egon eta 19 urte izanda oraindik bertan jarraitu, formakuntza izan da eman didan gauza bakarra. Curriculumaren bidez edukiak ikasi ditut ondoren horiekin, azterketak gainditzeko. Dena den, irakasle batzuk nire ikaskuntzan zehar erreferentzia bezala izan ditut, haiekin edukiez aparte nigan konfiantza izaten eta nire trebetasunak garatzen lagundu didatelako. Gaur egun, irakasle horiek buruan ditut oraindik eta espero dut etorkizun batean haiek erakutsi didatena nire ikasleei transmititzen jakitea.

                                     Eskola

Bukatzeko, jendaurrean hainbat mementotan egon naiz, antzerkiak egiten, dantza egiten edota hitz egiten. Ni oso pertsona lotsatia naiz eta beraz, asko kostatzen zait jendaurrean edozer egitea eta egin ditudan ekintzak lotsa kentzen lagundu didate.

                                     Jendaurrean

Hau guztia kontuan izanda, esan beharra dago hezkuntza ez arautuan ikasi dudan guztia, hau da, familian, lagunekin, bidaiekin edo  kiroletan ikasitako balioak eta jarrerak, hezkuntza arautura pasatzerako orduan eragin handia daukala, baita alderantziz ere. Adibide bat jartzearren, familian ikasitako balio guztiak (errespetua, erantzunkizuna, obedientzia…) gela batean gaudenean balio horiek ez dira zuzenki azalduko, baizik eta zeharka. Hau da, ariketa bat bidaltzen dutenean pertsona horrek hartutako jarreran eragina izango du. Kirolean ikasitako balioak, enpatia eta elkarlana, gelan egiten diren taldekako lanetarako balioko digu, izan ere, beste taldekideak ulertzen eta errespetatzen saiatuko gara.

Bestalde, eskolan ikasitako edukiak eta jakintzak ez dira hainbeste nabarmentzen hezkuntza ez arautura pasatzen ditugunean, edo ez arlo guztietan behintzat. Hezkuntza arautuan ikasitakoa ondo etortzen da bidaiatzeko (historia, adibidez), hizkuntzak ondo erabiltzeko eta kultura orokor bat izateko hainbat gaien inguruan.

Kartografia egiterako orduan hasieran argi neukan eskola ez zela inon agertuko, baina konturatu nintzen bizitza guztia bertan eman dudala eta horren inguruan zerbait aipatu behar nuela, horri esker bainago orain unibertsitatean. Hala ere, hainbat gai egon dira ez ditudanak kartografian sartu: familiaren gaian adibidez, niretzat garrantzitsuenak diren pertsonak jarri ditut soilik, besteekin harreman hain estua ez dudalako eta beraz, ez didatelako besteek transmititu didatena transmititu.

Lagunen arloan, txikitatik ditudan lagunak bakarrik jarri ditut argazkietan, unibertsitatean hainbat lagun izan arren. Unibertsitatean ezagututakoekin ez dut oraindik nire txikitako lagunekin dudan konfiantza bera. Dena den, espero dut etorkizun batean betiko lagunekin dudan adiskidetasuna izatea hauekin ere.

Uste dut hainbeste urte eskolan egonda gehiago ikasi beharko genukeela hortik edo behintzat gure bizitzarako esanguratsuak diren gauzak ikasi, etorkizun baterako balioko dutenak. Hala ere, lan hau egin baino lehen ez nintzen kontziente hainbeste ikasten zenik eskolaz kanpo eta orain konturatu naiz askoz garrantzitsuagoa dela hori eskolan ikasten dena baino. Azkenean, maistra izango naizenean curriculum bat oinarri izanda lan egingo dut, baina saiatuko naiz ez soilik edukiak transmititzen, baizik eta modu afektibo  batean edukiak transmititzea eta gainera, haien interesak, jarrerak eta curriculum ezkutua gehiago lantzea.